Fran Rico: Niretzako berezia da halako estadio garrantzitsu batean gola egitea, baina ez luke ezertarako balioko, puntuak lortzeko balio izan ez balu
Galiziako erdilariak nabarmendu duenez, “momentu hauek aprobetxatu behar dira, ez dakizulako noiz errepikatuko diren”
Fran Ricok igandearen partiduari buruzko galdera batzuk erantzun ditu gaur Atxabalpen, SD Eibarreko entrenamendua bukatu ostean: “Halako estadio garrantzitsu batean gola sartzea oso momentu berezia da, baina azkenean puntuekin geratzen gara eta gol hori puntuak lortzeko balioko ez balu, ez luke ezertarako balioko”.
Galiziako erdilariak, armaginak aurreratu zituen gola egin zuen atzo. Gol horri esker, taldeak puntu bat ekarri zuen Santiago Bernabéutik.
“Puntu bat eskuratzeko balio izan zuenez, oso pozik nago. Oso puntu garrantzitsua da, baina ez du ezertarako balioko astelehenean (hilak 17) etxean aurkari zuzen baten kontra hiru puntuak lortzen ez baditugu. Gakoa Osasunaren aurka garaipena lortzeko gai izatea da. Modu horretan pauso oso garrantzitsua emango genuke, posizio oso on batean kokatuko ginateke eta hainbeste kostatu zitzaigun puntu hori ona egingo genuke”.
“Orain arte ez nuen inoiz Bernabéun punturik lortu. Pasa den urtean Granadarekin gertu egon ginen eta beste urte batzuetan gol asko sartu dizkigute. Horregatik momentu hauek aprobetxatu behar dira, ez dakizulako noiz errepikatuko diren”.
“Asko hitz egiten ari gara lortutakoaz, han partidu onak egitea eta puntuak eskuratzea oso zaila delako, baina azkenean puntu bat da eta berdin balio du Bernabéun zein etxean lortzeak. Osasunaren aurkako neurketa geure ligakoa da eta hor sendo ibili behar gara, Ipuruan daukagun dinamika horretan jarraitu eta hiru puntuen bila joan”.