
Fran Garagarza: "Egia bihurtutako ametsa izan da"
Kirol zuzendaria "pozik" joan da klubak urte hauetan eraikitakoarekin
Fran Garagarzak agerraldia egin du hedabideen aurrean. Klubak azken urteetan izan duen hazkundea nabarmentzeko eta pertsona guztien lana eskertu nahi izan du.
Hamalau urtez klubaren zerbitzura egon ondoren, horietako hamar Kirol Zuzendari gisa, Mutrikukoa "pozik" joan da egindako lanarekin, izan ere, "Bigarren mailara jaitsi bagara ere, kluba asko hazi da, ez bakarrik emaitzetan, uzten duen ondarea horren erakusgarri da".
"Beti dago hasiera eta amaiera bat, bizitza bera bezala. Niretzat hau amestutako amaiera da. Egia bihurtutako ametsa izan baita. Satifakzio sentsazioa dut. Eredu bat eraikitzea lortu dugu, eta horrek edozein emaitza baino garrantzia handiagoa du ", adierazi du Garagarzak.
Denboraldiaren zorigaiztoko amaierak baino ez du lortu urte hauetan egindako lan guztia lausotzea. "Oso denboraldi zaila izan da eta erantzukizuna nire gain hartzen dut neurri batean. Baina argi daukat niretzat ez dela porrota, etsipena baizik ".
"Ondare handia utzi dugu, marka ezaguna sortu dugu, kirol hiria martxan dugu.... Guztion artean egin dugun lana pozik egoteko modukoa da".
"Erreferente bat gara klub xumeentzat, futbolzale askoren bigarren taldea gara. Kanpoko jendearengan sentimendu bat sortu dugu, mantendu eta elikatu behar duguna ".
"Asko gozatu dut lanean. Eskerrak eman nahi dizkiet egunerokotasuna nirekin partekatu duten guztiei".