1-0 | Eibarrek berriro ospatu du Ipuruan
Yerai Martinen taldeak dinamika onean jarraitzen du Levante Badalonaren aurka irabazi eta gero, Mireia Masegurrek lortutako gol bakarrari esker
Eibarrek garaipena dastatu ahal izan du berriro bere zaleen aurrean, Ipuruan hainbeste jardunaldi hiru puntu batu gabe eman ostean. Bigarren jardunalditik ez zuen garaipenik lortzen etxean, eta gaurko partida oso parekatua eta borrokatua izan da garaipena lortzeko bidean. Azkenean 1-0 markagailuan amaitu da partida, eta Mireia Masegurrek sartutako gol bakarrarekin, Carla Andresen falta jaurtiketa baten ostean.
Norgehiagokaren lehen zatia oso lehiatua eta berdindua izan da bi taldeentzat. Taulako beheko aurkariak gogor estutzen ari direla jakitun, aurkariaren atea bilatzen saiatu dira garaipena lortzeko. Levante Badalona emaitza bolada txar batekin apurtu nahian zetorren Eibarrera, eta talde armaginak, aldiz, bere zaleen aurrean garaipenaren bidera itzuli eta 2025 osoa daraman emaitza dinamika onean jarraitzeko asmoz.
17. minutura arte ez da izan, ordea, Eibar baloi geldiarekin saiatu denean, Deportivoren aurkako norgehiagoka aurreko igandean Espe Pizarroren sake batekin errepikatu nahian. Modu berean saiatu dira 27. minutuan Amaniren falta baten ostean. Lehen zatian ez dute gol aukera argirik izan bi taldeek, geldikako baloi ekintza puntualak izan ezik.
Levante Badalonak izan du aukera, 40. minutuan, baina Itzi ez da errematatzeko garaiz iritsi eta baloia kanpora joan da. Eta lehen zatiaren amaieratik gertu, hain zuzen ere geldikako baloi bati esker eta Altonagari egindako falta baten ostean, Carlak area txikian utzi zuen baloia, Mireiak Levante Badalonaren ateko sarean sartu du pase bikain baten bitartez.
Atsedenaldiaren ostean, Levante Badalona markagailua berdintzeko asmoarekin zelairatu da, gutxienez, markagailua berdindu nahian. Baina armaginen defentsak, oso ordenatua eta indartsua, aukerarik gabe utzi du talde bisitaria. Izan ere, bigarren gola sartzetik gertuago egon da, Carmen Alvarez zelaira aterata, bi aldiz gertu egon baita norgehiagokaren amaiera ia ukituta. Jardunaldi berri honetan, Eibarrek harresi bat altxatu du aurkariari aurre egiteko. Oraingo honetan, Levante Badalonak bi postu azpitik jarraitzen du sailkapenean.
Talde armaginak 27 puntu ditu dagoeneko eta bederatzigarren postuan jarraitzen du sailkapenean. Hurrengo astean, etxetik kanpo garaipena bilatuko du berriro, Betisen aurka, Sevillan puntu premia handia duen taldearen kontra