Eibarrek derbia irabazi du Lezaman
Talde armaginak hirugarren minutuan egin du, Elbaren eskutik, partidako gol bakarra
Eibarrek 2025eko lehen derbia jokatu du gaur, Lezaman, Athleticen aurka. Yerai Martinen taldeak ideiak argi zituztela irten dira gaur zelaira, beheko postuetatik are gehiago urruntzeko batzea beste helbururik ez zutela, lehoiek Championseko postuengatik borrokan jarraitzeko garaipena bilatzen zuten bitartean.
Punteria gehiagorekin hasi da Eibar, hasi eta hiru minutura: Van Deursen saiatu da atezainari begira, baina bere baloiak zutoinean jo du; eta hor zegoen Elba, ondo jarrita, area txikitik armaginei lehen gola emateko.
Athleticek gol-aukerak aprobetxatu nahi izan ditu markagailua berdintzeko, baina ez dute arrisku gehiago sortu eta lehen zatia ondo defendatu du Eibarrek, gol goiztiar horrek emandako lasaitasunarekin.
Talde lan bikaina markagailua defendatzeko, eta nahiko parekatua atsedenaldira arte. Aldaketarik gabe, jokoa hasi da berriro. Minutuak pasata, nekea nabaritzen hasia zenean, iritsi dira aldaketak. 75. minutuan Andrea Álvarez Monnecchigatik aldatzea erabaki du entrenatzaileak, Athleticen aukera garbiena pasata, jokaldi arriskutsu batek Mirallesen eskutan amaituta. Ondoren, Annelie eta Carmen Álvarez ere irten dira zelaira, Espe Pizarro eta Peckovagatik. Salamankarrak lehen minutuak jokatu ditu berriro ere Eibarrera bueltatu eta gero.
Eibarrek partidaren azken zatian, bigarren gola egiten saiatzea baino, defendatu nahi izan du markagailua, ulertuz garaipen batek gaurko egunean izango lukeen garrantzia; maila sinbolikoan, azken urteetan derbirik ez irabaztearen bolada apurtzeagatik eta azken norgehiagoketan bezala puntuak batzen jarraitzeagatik. Hiru partida jarraian, porteria hutsean, postuetan igotzen, eta helburuaren bila jaraituz.