Eibarrek 0-3 galdu du Levanteren aurka jokalari bat gutxiagorekin
Mirallesi 26. minutuan ateratako txartel gorriarekin jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan du Eibarrek gainontzeko partida
Ligako laugarren jardunaldian, Eibarrek Ipuruan jokatutako hirugarren partidan, puntu premiarekin iritsi da Levante UD Eibarrera. "Nabaritu behar ez den behar bat” zen, Yerai Martinek partida aurreko prentsaurrekoan azaldu zuenez. Baina armaginentzat are zailagoa bihurtu da lehen ordu erdia bete gabe zegoela, epaileak txartel gorria atera baitio Mirallesi, areaz kanpo baloia eskuekin ukitzeagatik.
Partidako lehen hogei minutuetan Levantek abagune gehiago izan ditu, baina ezin izan du bat bera ere errematatu, arriskutsuena 18. minutuan, Paula Fernandezen jaurtiketa batek zutoinera zuzenean eman duenean, eta errebotearen ostean, berriro zutoinean jo duenean. Talde armaginaren aldetik, lehen zatian Caminok izan du aukerarik argiena, buruz egindako erremate batekin, baina Levanteren defentsak ondo urrundu du aukera.
Mirallesen txartel gorria 26. minutuan iritsi da, eta jokalari bat gutxiagorekin, partida zaildu zaio Eibarri. Gainera, aurretik ere aukera arriskutsuak izan dituen aurkaria zuen aurrean. Eta atsedenaldirako deskontuaren minutuan aurretik jarri da talde bisitaria. Partida 0-1ekoarekin joan da eta Eibarrek markagailua iraultzea zaila zen jokalari bat gutxiagorekin.
Baina ez zuen sentsazio hori ematen bigarren zatiaren hasieran, askotan, arriskua sortu baitute kontrako zelaian armaginek, berdinketaren gola bilatuz. Baina ez da nahikoa izan, eta jokalari bat zelaian ez egotea nabaritu egin da azken zatian, aldaketak aldaketa. Chaconek, aterantz lasterka bizian joan ondoren, bisitariei bigarrena eman die. 90. minututik gertu, hirugarren aldiz egin zuen gola Levantek, eta partida erabat itxita utzi zuen.