
Nagusi izan arren, Eibarrek ezin izan die Sevillarren kolpeei eutsi
Eibar nagusi izan da eta baloia bere hanketan izan du gaurko norgehiagokan, baina erraztasunak eman dizkio Sevillari eta ezin izan die haren kolpeei eutsi. 1-3 amaitu da Ipuruan jokatu den partida.
Armaginek indartsu hasi dute partidua, sorpresa emateko ilusioarekin. Arerioak ordea, izan dituen aukera gutxiei probetxua ateratzen jakin izan du.
6. minutuan, Reyes-en pasea Carlos Baccak ate barrura sartu du, Irureta driblatu ostean.
Bederatzi minutu geroago, Garitanoren mutilek kolpe berri bat jaso dute, falta jaurtiketa baten Iruretaren aldaratzearen ostean berriz ere Baccak 0-2koa egin duenean, nahiz eta jokoz kanpo zegoen.
Karga handiegia zirudien Eibarrentzat baina jokalariek ez dute amore eman eta partiduaren nagusitasuna eskuratu dute. Sevilla atzean sartu da eta baloiaren jabetza arerioaren hanketan utzi du, bere area inguruan seriotasun taktikoa erakutsiz.
Atsedenaldiaren ostean, Eibarrek partiduan sinisten jarraitu du eta erasoari ekin dio. 47. minutuan aukera ederra izan du Piovaccarik baina burukadak kanpora aldegin dio.
Eibarren esfortzuak saria ekarri du 51. minutuan, Manuk jaurtitako kornerra Arruabarrenak ukitu eta Piovaccarik atera bidali duenean area txikian.
Behin gola sartuta, armaginek andaluziarren atea behin eta berriro erasotu dute. Hala ere, zelai erdian egindako pase txar batek Sevillarren kontraeraso bortitza ekarri du, non 1-3koa sartu duen Reyes-ek zutoinari itsatsitako jaurtiketa bati esker.
Eibarrek ez du amorerik eman ordea, eta futbol zuzena jokatzen jarraitu du. Gola egiteko aukerak izan dituen arren Sevilla indartsu aritu da defentsan eta markagailua bere horretan mantendu du bukaerara arte.
Txaloak merezi dituena Eibarren zalegoa da dudarik gabe, taldeari animoak ematen jardun duena partida osoan zehar, eta honen amairan taldeari txalo zaparrada eskaini diona. Leialtasun hau ezinbestekoa izango da taldeak lehen mailan gelditzeko behar dituen puntuak eskuratzeko bidean.
Hamaikakoak:
SD Eibar: Irureta; Bóveda, Añibarro, Lillo, Dídac Vilà (Abraham, min.70); Borja Fernández, Dani García; Capa (Javi Lara, min.80), Arruabarrena (Lekic, min.80), Manu; eta Piovaccari.
Sevilla FC: Sergio Rico; Coke, Arribas, Kolodziejczak, Fernando Navarro; Iborra, Aleix Vidal; Reyes (Denis Suárez, min.66), Iago Aspas (Gameiro, min.60), M"Bia; eta Bacca (Banega, min.74).
Golak: 0-1, min.6: Bacca. 0-2, min.15: Bacca. 1-2, min.51: Piovaccari. 1-3, min.64: Reyes.
Epailea: Prieto Iglesias (komite nafarra). Txartel horiak: Lillo, Arruabarrena (bosgarrena du eta ezingo du Espanyolen aurka aritu) eta Piovaccari etxekoei, Iborra eta Aliex Vidal bisitariei.