
CD Vitoria SD Eibarren filiala izango da
SD Eibarrek eta CD Vitoriak hitzarmena sinatu dute gaur Ipuruan, talde gasteiztarra armaginen filial bihurtzen duena.
Alex Aranzabal, SD Eibarren Lehendakaria eta Jorge Ríos, CD Vitoriaren Lehendakaria, bi taldeen kirol zuzendariekin batera, Fran Garagarza eta Alvaro Mendiguren hurrenez hurren, Ipuruan bildu dira gaur urtebete iraungo duen hitzarmena sinatzeko asmoz. Hitzarmena urtero berritu ahal izango da.
Alex Aranzabalen esanetan, hitzarmen honek "hutsune bat betetzen du", 2012an arrazoi ekonomikoak zirela eta Eibar B desagertu egin baitzen.
Datorren urtean BBVA Ligan jokatzeak garrantzitsu egiten du bigarren talde bat izatea, denboraldian zehar lehen taldeak beharra duenean zenbait jokalari eskura eduki ahal izateko.
Hitzarmenak dio CD Vitoriak, aurten Hirugarren Mailara igo denak, bere nortasuna mantentzen duela eta "klub autonomoa izaten jarraitzen du, erabakitzeko ahalmena mantenduz". Honen erakusgarri da, soinean kolore txuri-gorriak eramaten jarraituko dutela Gasteiztarrek.
Bere aldetik, Jorge Ríosek Eibarrek eskainitako konfidantza eskertu du. "70 urteko historia duen kluba gara, eta oso interesgarria da guretzat Eibar bezalako talde batekin elkarlanean aritzea. Gure proiektua indartu nahi dugu eta oinarrizko futbolari bultzada bat eman.
CD Vitoriak hitzarmen bat zuen Deportivo Alavesekin, 2014 irailean amaitu zena. "Alavesekin elkarrizketak izan ditugu, baina Eibarrek eskaini diguna interesgarriagoa da guretzat", adierazi du Jorge Riosek.
Antiguokotik datorren Arkaitz Lacambra izango da CD Vitoriaren entrenatzailea, lan saioak, astean bitan Betoñon (Gasteiz) eta beste bi egunetan Unben (Eibar) izango dira. Partiduak Betoñon jokatuko dira.
Fran Garagarzaren esanetan, Eibar eta Vitoriaren arteko harremana, Athletic-ek Baskoniarekin duenaren antzekoa izango da. "Urkoko (Eibarren jubenilak) mutilei irteera bat ematea izango da helburua, non Gasteizko, SD Eibarko eta beste talde batzuetako 23 urtez azpiko jokalariek osatuko duten taldea.