Skip to main content
EU
Kluba

Ekialdeko tribunako obrak aurreikusitako erritmoan ari dira egiten

Klubeko obren departamentua proiektua egiten ari da, eta 2017ko urtarrilerako amaitua egotea espero da.

Erritmo onean aurrera doa Ekialdeko tribunako obra, Gorka Unamuno talde armagineko obren departamentuko arduradunak berretsi digunez: «Epeak betetzen ari gara. Garaiz egingo dugu, ozta-ozta, baina garaiz».

Zimenduak jartzeko faseari ekin zaio orain, eta ondoren aparkalekuaren sabaiko zapatak eta harlauza jarriko dira, gero aparkalekuaren teilatuarekin jarraituz. Horrekin batera, obren erritmorako ezinbesteko elementua izango den garabi bat muntatzen ari dira langileak. Azkenik, aparkalekuaren estalkiaren gainean hormigoia jarriko da. Horren gainean, liga hasierarako, espero denez, zelaia instalatuko da.

Eraikuntza berriak, erreformarekin, lau sarleku izango ditu. Ondorioz, ebakuazioa errazagoa izango da larrialdirik balego, egun bi sarleku baino ez baitaude. Gainera, gaur egun ikusleei zelaia ikustea oztopatzen dieten zutabeak kenduko dira. Mugikortasun urriko pertsonentzako zonalde bat egingo da. Bertara igogailu bidez igotzeko aukera egongo da, gaur egun ez bezala.

Tribuna berria 2017ko urtarrilean zabaldu ahal izatea espero da, klubaren egitasmoaren arabera. Obrek irauten duten bitartean, urte erdiz, Ipuruan mila bat ikusle gutxiago sartuko dira. Egungo 6.300 eserlekuetatik, 5.300 baino ezin izango dira erabili aldi batean. 2017ko urtarriletik aurrera, baina, 7.100 ikusle sartu ahal izango dira estadioan.