Skip to main content
EU
Kluba

Eibartarrakeko hiru jokalarik 1997ko emakumezkoen Eurokopa jokatu zuten

Arrate Gisasolak, Maider Castillok eta Yoli Mateosek historia egin zuten Espainiako selekzioarekin

Eibartarrak taldeko jokalariak ziren Arrate Gisasola, Maider Castillo eta Yolanda Mateos 1997ko Eurokopako finalerdietara iristea lortu zuen Espainiako Selekzioaren parte izan ziren. Oraindik orain, emakumezkoen selekzioak Europako Txapelketan lortu duen emaitzarik onena.

Lorpen horretako bi protagonista eibartarrak dira: Arrate Gisasola (ateizaina) eta Maider Castillo (atzelaria); eta hirugarrena, aldiz, Yoli Mateos (aurrelaria) elgoibartarra da.

Horiez gain, ordezkari gipuzkoar gehiago zuen taldeak. Eli Capa eta Arantza del Puerto donostiarrak (Añorga KE), eta Vanesa Gimbert bergararra (Modella Montilla). Azkenak Athletic Cluben dihardu gaur egun 40 urterekin.

Ignacio Queredak entrenatzen zuen taldearen lehen lorpen esanguratsua txapelketako azken fasea jokatzeko txartela eskuratzea izan zen. Ordura arte, selekzioak ez zuen halakorik lortu.

Sailkapen fasean hirugarren postua eskuratu eta gero, selekzioak hil ala biziko kanporaketa jokatu behar izan zuen Ingalaterraren aurka azken fasea jokatu ahal izateko. Neurketa horietan Maider Castillo ohikoa zen hamaikakoan.

Ingalaterraren aurkako bi neurketetan Maider Castilloz gain, Yoli Mateosek ere parte hartu zuen. Itzuliko norgehiagokan gainera, sailkapenaren gola egin zuen. Izan ere, joanekoan 2-1 irabazi zuen eta itzulikoan emaitza banakoarekin amaitu zen. Eibartarrakeko bi jokalariak estreinakoz aritu ziren bi partidatan.

Txapelketako azken fasea 1997ko ekainaren 29tik uztailaren 12ra jokatu zen. Ignacio Queredak osatu zuen deialdian, Castillo eta Mateos gehitzeaz gain, Arrate Gisasola ere deitua izan zen, nahiz eta ez zuen parte hartzeko aukerarik izan.

Jokalariak San Cugateko Goi-Mailako kirolarien gunean elkartu ziren hilabete batez. Egunean hiru entrenamendu egiten zituzten, froga fisiko ugari egiten zituzten eta gizonezko gazteen aurkako partidak jokatzen zituzten bi egunetik behin.

Ostera, Espainiako Selekzioak Karlstad herrian (Suedia) ezarri zuen bere gotorlekua, Karlskogatik 50 kilometrotara. Bertan jokatuko zen multzoen fasea.

Ekainaren 29an, Frantziaren aurka jokatutako lehen neurketan, bana berdindu zuten. Maider Castillo hasieratik jardun zen eta Yoli Mateosek ordezkatu zuen amaierarako gutxi falta zela.

Uztailaren 2an, berriz, Espainiak Suediaren aurka galdu zuen 1-0; Castillo eta Mateos estreinakoz aritu ziren porrotean.

Finalerdietarako txartela azken jardunaldian erabakiko zen. Espainiak Errusia hartu behar zuen mendean eta Suediak Frantziari irabazi behar zion. Biak ala biak egi bihurtu ziren. Espainiak 1-0 irabazi zuen (Maider eta Yoli titular zirela) eta finalerdietara pasa zen.

Uztailaren 9an jokatu zen finalerdian Maider Castillo eta Yoli Mateos hamaikakoan izan ziren. Italiak mendean hartu zituen 2-1. Txapelketak ez zuen hirugarren eta laugarren tokia zehazteko modurik jasotzen. Hortaz, selekzioaren parte-hartze arrakastatsu bertan amaitu zen. Jokalari bakoitzak 25.000 pezeta jaso zituen sari moduan.

Europako Txapelketa hura izan zen Eibarko emakumezkoen futbolan nazioarteko lehen gertaera esanguratsua. Ordura arte, 1988 urtetik, herriko neskak Unbeko zelaigunean jokatzen zuten Urkiren eskutik.

1989an, Urkiko emakumezkoen taldeak beren lehen neurketa ofiziala jokatu zuen. 1991an, berriz, emakumezkoen futbola estruktura berri baten barnean egotera pasa zen. Izan ere, Eibartarrak taldeak jaso zuen emakumezkoen futbolaren proiektua garatzeko lekukoa.

Protagonistak:

-Maider Castillo (Eibar, 1976). Kirol ibilbidea: Urki (1989-1991), Eibartarrak (91-99), Torrejón (99-01), Levante (01-15). Bertan 38 urterekin erretiratu zen. Selekzioaren parte izan zen 19 urte zituenetik. 1996ko apirilaren 21ean egin zuen debuta Danimarkaren aurka (2-0). Hamaika urtez aritu zen eta kapitaina izatera iritsi zen. Levanterekin bi Superliga irabazi zituen eta Erreginaren lau kopa. Egun, Levanteko emakumezkoen futboleko koordinatzaile nagusia da eta 2019an Espainiako Federazioaren aitortza jaso zuen 50 partida baino gehiago jokatu izanagatik. Horrez gain, Eibarreko jokali ohiaren, Jesus Maria Castillo ‘Txixia’ren, alaba da.

-Yolanda Mateos “Yoli” (Elgoibar, 1972). Urki (1988-1991), Eibartarrak (91-03) eta Sabadell (03-04). Espainiako Selekzioarekin 1996ko irailaren 8an debutatu zuen, Europako Txapelketarako ‘play off’ean (2-1). Itzuliko neurketan sailkapenaren gola eskuratu zuen. 1999an Espainiako Superkopa irabazi zuen eta 2000an Liga txapelketa Eibartarrakekin.

-Arrate Guisasola (Eibar). Eibartarrak taldean egin zuen bere ibilbide guztia. 1993an hasi zen jokalari moduan. Ostera, atezain bihurtu zen eta 1997an Eurokopan egon zen hirugarren atezain moduan. 2003an SD Eibarrera pasa baino zertxobait lehenago utzi zuen futbola. 1999an Espainiako Superkopa irabazi zuen eta 2000an Liga txapelketa Eibartarrakekin.

Datu hauek, SD Eibar Fundazioko Patronatuko kidea den Jesus Gutierrez historialariarengandik eskuratu dira.

Irudiak Maider Castilloren artxibokoak dira.