Eibarren porrot mingarria Osasunaren aurkako lagunartekoan
Armaginek 4-0 galdu dute Taxoaren
SD Eibarrek porrot mingarria jasan du gaur (4-0) CA Osasunaren aurka Taxoaren jokatutako lagunartekoan.
Joaquin Caparrosek gorritxoekin egin duen debutean, eduki dituen aukerei etekina ateratzen jakin du Osasunak sakontasun gutxirekin baloiaren jabetza izan duen Eibarren aurka
10.minuturako partidua nafarren alde jarri da Miguel De las Cuevas eta Rivieren golekin Eibarren defentsa aurreratuta zegoen jokaldietan.
Lehen zatiko hurrengo minutuetan Mendilibarren taldea nagusitu da, baina ez du arrisku sortu jokaldi solteren bat edo Nauzet Perezek Beberen falta-jaurtiketa gogor baten geldiketa izan ezik.
Eibarrek ekin egin zuen bigarren zatian, baina Osasunaren presio aurreratuak ez zion erraz maniobratzen uzten eta, ondorioz, ez ziren baloi asko iristen etxeko taldearen area ingurura.
Osasunak, bestalde, bere joa erakutsi du ezkerretik ateratako korner batean Tanok buruz markagailuan 3-0 ipintzean.
Pixka bat beranduago (75. minutuan) iritsi zen armaginen abagune argiena zutoinean jo zuen Adriánen burukada baten bitartez. Aldaratzean Ander Capak baloia area barruan sartu zuen, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen.
Neurketa amaitzeko 10 minutu falta zirela Osasunak gol-zaparrada osatu zuen Javi Alamok defentsari bizkarra hartu eta Yoelen irteera gainditu zuenean.
Partiduaren amaieran Jose Luis Mendilibarrek taldearen jokoarekin zuen haserrea erakutsi zuen:
“Espero ez nuen pantxaga egin dugu. Aurreko bi lagunartekoetan lehiatu egin genuen. Oraingo honetan lo hasi gara eta ematen du baloia dugula eta gauzak egiten ditugula, baina azkenean ezer ez egiten amaitzen dugu”.
“Sei aldiz hurbiltzen zaizkizu eta lau gol sartzen dizkizute, huts larriak dira. Ezin da izan. Berdin zait irabazi edo galtzea, nahi dudana lehiatzea da eta hori ez dugu egin”.
Fitxa teknikoa:
A. Osasuna:(Lehen zatia) Nauzet Pérez; Tano, David García, Imanol García, R. Torres, Olavide, Rivière, Fausto Tienza, Unai García, Fuentes eta De las Cuevas. (Bigarren zatia) Mario; Eguaras, Tano, Iván Márquez, C. Clerc, A. Otegui, Causic, Javi Álamo, Fran Mérida, Jaime eta Kenan.
SD Eibar:Yoel; Gálvez, Escalante, Cristian Rivera, Capa, Jota, Rubén Peña, Dos Santos, Juncà, Adrián y Bebé (Nano, 45. minutua).
Golak: 1-0 (2. minutua): De las Cuevas. 2-0 (10. minutua): Rivière. 3-0 (72. minutua): Tano. 4-0 (80. minutua): Javi Álamo.
Epailea: Prieto Iglesias (Nafarroako batzordea)
Gertakariak: 1.000 zaletu Taxoaren.