Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek bolada ona eten du Ipuruan (2-2)

Armaginek berdinketa lortu dute Malagaren aurka irabazten joan badira ere

Eibarrek bina berdindu du Malagaren aurka Ligako 20. jardunaldian. Armaginek eten egin dute Ipuruan lortutako garaipen bolada, baina puntu bat eskuratu dute. Garitanoren mutilek Malagak lehia hasieran egindako gola iraultzea lortu dute. Bigarren zatian, errenta handitzeko aukera izan zuten Edu Expositok huts egindako penalti baten bitartez. Zoritxarrez azken txanpan, Brandonek neurketa berdindu du.

Kanpoko taldearen hasiera onak ezustean harrapatu du taldea. 6. minutuan Gassamaren golari esker irabazten hasi dira andaluziarrak. Armaginei kosta egin zaie partidan sartzea, baina atsedenaldira iritsi aurretik erreakzionatu eta markagailua iraultzea lortu dute. Bi minutu baino gutxiagotan, armaginek Stoichkoven eta Corpasen bitartez aurrea hartu diote norgehiagokari. Lehena penalti marratik iritsi da. 

Bigarren zatian, Garitanoren mutilek aldea handitzeko aukera izan zuten penalti berri baten bidez. Edu Expositok, ordea, ez du jaurtiketan asmatu, gehiegi gurutzatuta kanpora joan zaio. Eibarrek bizirik utzi du Andaluziako taldea, eta minutuek aurrera egin ahala hazi egin da, 82. minutuan Brandonek norgehiagoka berdindu duen arte.