Eibarrek berdinketa ona lortu du Bayer Leverkusen-en aurka Austriako stage-ko lehen lagun-arteakoan
Ekhi Bravok eta Asier Benitok egin dituzte Mendilibarren mutilen golak
Eibarrek berdinketa ona lortu du Bayer Leverkusen aurka Austriako stageko lehen lagun-arteakoan. Mendilibarren mutilek neurketa ona jokatu dute Zell Am Seen, eta nahiz eta partida 2-2 bukatu duten zelaian nagusi izan dira. Ekhi Bravok eta Asier Benitok egin dituzte armaginen golak.
Lehen zatian jaun eta jabe izan dira armaginak. Zelai erdia bereganatu du taldeak, atzean ere sendo. Ekhi Bravok taldea aurretik jartzeko aukera bi izan ditu, baina gutxigatik bada ere ez du baloia sareetara bidali. Hirugarrenean, ordea, ez du barkatu, eta atsedenaldira 1-0koarekin joan dira.
Bigarren zatiko 15. minutuan bigarrena egin du Eibarrek, Asier Benitoren bitartez. Ekhi Bravok erdiraketa egin eta Amurrioko aurrelariak sareetara bidali du baloia, aurredenboraldian egiten duen bere bigarren gola. Jarraian Bayerrek bere lehen gola egin du, kontraeraso azkar batean.
Neurketa amaitzear zela Alariok alemaniarren bigarrena egin du, penaltiz.
Hamaikakoa: Yoel; Tejero (Calavera, m.78), Paulo, Martínez, Lobato (Cubero, m.60), Sergio A, Escalante, Orellana, Ekhi Bravo, Edu Expósito (Marí,m.78) eta Asier Benito (Nano, m.76).