Eibar handi batek Camp Nouen galdu du
Armaginek Barcelonaren aurka porrot duina jasota esan diote agur denboraldiari
SD Eibarrek 4-2 galdu du FC Barcelonaren aurka LaLigako azken jardunaldian eta hamargarren postuan amaitu du denboraldia. Armaginak 0-2 jarri dira aurretik markagailuan, baina etxekoek emaitza irauli dute azken ordu erdi zoroaren ostean.
Mendilibarren taldea dena ematera irten da Camp Nouera, irabazi eta zortzigarren postuan amaitzeko helburuarekin. Bere presio altuak Barcelona ito du eta berehala iritsi dira fruituak. 8. minutuan Capak eskuinetik erdiratu eta Inuik sarera bidali du baloia lehen tokean.
Barcelonak irabazi eta Real Madridek Malagan galtzea beharra zeukan liga txapelketa lortzeko, beraz, partiduaren kontrola hartu eta golaren bila joan dira. Hala ere, armaginak serio aritu dira defentsan eta kontraerasoak bilatu dituzte.
Etxekoek ez dituzte aukera handiak sortu lehen 45 minutuetan, eta izan dituzten gutxi horietan Yoel bikain aritu da 2. zatian egingo zuen erakustaldia aurreratuz.
Abantaila handitu ahal izan duena Eibar izan da. Lehen zatia amaitzeko segundo batzuk falta zirenean, Ter Stegenek Inuiren jaurtiketa geratu du eta aldaratzea kanpora bidali du Ruben Peñak ate aurrean ia bakarrik zegoenean.
Atsedenaldiaren ostean apustua bikoiztu du Eibarrek eta presio handia egin dio etxeko defentsari. Armaginek, gaur 2017/18 denboraldiko ordezko kamiseta estreinatzen zutenek, edonorren aurka nor baino nor aritzeko gai direla erakutsi dute beste behin.
Inui gola sartzeko zorian izan da, baina hegaletik jokaldi ederra egin ostean, Ter Stegenek kornerrera bidali du baloia. Gero, Iniesta, bi alditan, eta Messi saiatu dira markagailua berdintzen, baina Yoel bikain aritu da.
Takashi Inuik ez du erraz ahaztuko gaur gaua. Bere jaurtiketa gogor batek eibartarren bigarren gola suposatu du 61. minutuan, japoniarraren denboraldi bikaina borobiltzen zuen gol puska.
Armaginen bigarren golaren ostean, Barcelona gora joan da eta hurrengo minutuan lortu du lehen gola. Neymarren jaurtiketa zutoinera joan da eta aldaratzean Juncak bere atean sartu du baloia.
- minutuan epaileak penaltia adierazi du Jordi Alba area barruan jauzi ostean, baina Yoelek Messiren jaurtiketa geratu du. Sei minutu geroago, aldiz, Luis Suarez berdinketa jarri du markagailuan bigarren zutoinean erdiraketa bat errematatu ostean.
Minutu zoroak izan dira, izan ere, 75. minutuan epaileak beste penalti bat adierazi du Neymar Caparen aurrean erori ostean, eta Portugaleteko jokalaria kalera bidali du. Oraingoan bai, Messik ez du aukera pasatzen utzi.
- minutuan Messik maila handiko jokaldia egin du. Yoelek Luis Suarezi eskuz eskukoan geratu ostean, defentsa armaginak baloia urrundu du eta hau Messiren hanketara erori da. Honek hainbat defentsa atzean utzi eta area hertzean zegoenean gol ederra sartu du.
4-2 adierazten du emaitzak saririk gabe utzi du partidu handia egin duen Eibar. Mendilibarren taldeak denboraldi historikoari agur esaten dio, LaLigan inoiz lortu duen posturik onena eskuratu (19. izan da) eta Europan sartzeko aukerarekin denbora askoan izan ostean.