
Jon Errastiren agur gutuna
Agur esatea ez da inoiz erreza izaten eta are gutxiago zure etxea den toki bateri. Baina konturatu garenerako momentua iritsi da.
Buruari buelta asko eman ondoren bizitzako erabakirik zailenetarikoa hartu dut, nere bihotzeko taldea uztea eta bide berri bat hastea. Taldea bere historiako momenturik politenean aurkitzen da, lehenengo mailan eta etorkizun oparo bat aurrean duela. Neretzako izugarria izan da guzti hau zuekin bizi izatea eta batez ere oso polita izan da hainbeste eibartar taldearekin gozatzen ikustea.
Momentu oso hunkigarriak pasa ditugu denok batera. San Mameseko Athleticken kontrako kanporaketa, Hospitaleteteko igoera, eta nola ez, 2014ko maiatzaren 25ean bizi izan genuen gau historiko hura. Eibartarron amets guztiak egi bihurtu ziren gaua.
Zer nolako momentuak!
Guztiak honegatik eta baita 3 urte hauetan bizitako momentu guztienagatik, gaur oso arro sentitzen naiz!
Gaur hau irakurtzen ari zareten guztioi, eskerrak ematen dizkizuet bihotz-bihotzez. Zuen gabe ezinezkoa izango zen iritsi garen eta pertsonalki iritsi naizen gailurrerarte iristea. Milaesker nere taldekide guztiei, milaesker klubari eta klubeko langile guztiei, milaesker lagun eta familia guztiari, eta nola ez, eskerrik asko eibarzale guztioi, zuen berotasuna eta konfidantza 3 urte hauetan nerekin izan dudalako.
Bukatzeko taldeari eta orain arte nere taldekideak izan zaretenoi, munduko zorterik onena opa dizuet. Naiz eta gertu ez egon, beti bihotzean eramango zaituztet.
Eskerrik asko, Aupa Eibar! Gora Eibar!
Jon Errasti