Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Capa eta Keko ados: SD Eibarrek denboraldiko helburuak bete ditu

Bi futbol-jokalariek hartu dute parte SD Eibarren udako campusaren aurkezpenean

Ander Capa atzelaria eta Keko Gontán erdilaria ados daude eta BBVA Ligako mailari eutsita SD Eibarrek denboraldiko helburuak lortu dituela esan dute.

Capak eta Kekok SD Eibarren udako campusaren hirugarren edizioaren aurkezpenean parte hartu dute. Ekainaren 27tik uztailaren 9ra izango da, Ipuruako instalazioetan.

Ander Capak esan duenez, taldeak «4 edo 5 jardunaldi falta zirenean lortu du mailari eusteko helburua» eta «igande honetan irabazten ahaleginduko gara, liga lehen hamar sailkatuen artean amaitzeko. Hori da orain dugun helburua».

«Taldeak aurpegia erakutsi du une oro, eta oso lehen itzuli ona egin dugu. Mailari eustea zen helburua, hori lortu dugu eta taldea oso pozik dago».

Bere buruari dagokionez, «posizio berri batean jokatu behar izan dut eta nahiko ondo egin dut», azaldu duenez. «Entrenatzaileak konfiantza izan du nigan eta oso pozik nago».

Bestalde, Keko Gontánek esan duenez, «badirudi egin duguna ez dela baloratzen aurrerapen handiarekin lortu delako, baina helburua mailari eustea zen eta lortu egin dugu».

«Noski posible zela gorago geratzea, baina posible zen ere aste honetan ez jaisteko borrokan barru-barruraino sartuta egotea. Pozik egon behar dugu».

Kekoren iritziz, lesio muskular baten ondorioz «nahikoa denbora» jokatu gabe egon arren, «oso urte positiboa izan da, sentipen onak berreskuratu ditut. Neukan guztia eman dut berdegunean, nire gogo eta indar guztiekin egin dut lan, batzuetan ondo eta beste batzuetan ez horren ondo, baina pozik nago eta errealizatuta sentitzen naiz».

Bere gertuko etorkizunari buruz, esan du «oraindik bi urteko kontratua» geratzen zaiola. «Akaso Ipuruako nire azken partidua jokatu dut dagoeneko, akaso ez. Zantzu guztien arabera ez; izan ere, bi urteko kontratua geratzen zait oraindik. Oso pozik nago hemen. Ez dakit nolatan ez nauten deitu euskal selekzioarekin jolasteko, beste euskaldun bat naizela sentitzen dut-eta».