Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Borja Bastón, BBVA Ligako hileko jokalaririk onena

SD Eibarren aurrelaria den Borja Bastónek BBVA Ligako urriko jokalaririk onenaren garaikurra jaso du gaur.

Ipuruan jaso du gaur saria, Gipuzkoako BBVAren Zonalde Zuzendaria den Galo Oleagaren eskutik.

Borjak hileko jokalari onenaren garaikurra jasotzen duen lehen aldia da (Bai Adelante Ligan eta baita BBVA Ligan ere), eta SD Eibarrentzat ere bere jokalari batek BBVA Ligako sari hau jasotzen duen lehen aldia da.

SD Eibarren web orrian egindako adierazpenetan, "oso pozik nago sari hau lortu izanagatik, bakarkakoa dena, baina taldearen laguntzari esker lortutakoa da dudarik gabe", adierazi du Borjak.

"Gauzak ongi egiten ari gara eta taldeari eskainitako garaikurra da. Aurrerantzean beste sariren bat jasotzea espero dugu, gauzak ongi egiten ari garela esan nahiko baitu".