
Borja Bastón: Pausu garrantzitsua da niretzat lehen mailan jokatzea
Talde armaginera etortzea "oso pausu garrantzitsua da", lehen mailan jokatzeko aukera ematen baitu, adierazi du gaur Borja Bastónek, gaur bertan aurkeztua izan denak.
"Talde honetan egoteak asko pozten nau, jende gazte asko dago, arrakasta lortzeko gogotsu", adierazi du Borjak, Atlético de Madrid taldeak utzita datorrena denboraldi baterako.
22 urteko madrildarrak Atletico de Madriden harrobian hasi zuen ibilbidea, eta 2009-2010 denboraldian lehen mailan estreinatu ostean, Bigarren Mailan jokatu du utzita, Real Murcia, Huesca, Deportivo de La Coruña eta Real Zaragoza taldeetan. Azken honekin 23 gol sartu zituen pasa den denboraldian.
"Kopurua handia izan zen eta dinamika horrekin jarraitu nahi nuke, nahiz eta gauzarik garrantzitsuena taldeak puntuak lortzea izango den. Sartu ditudan golen harira sor daitekeen presioak ez nau arduratzen, futbolari orok du gustoko presiopean aritzea", aipatu du.
Eibarrek "hasiera-hasieratik" azaldu du "interesa eta maitasuna" niregan eta horrek asko lagundu du erabaki hau hartzerako garaian.
Alex Aranzabal, Eibarren Presidentearen esanetan, "Borjak klubaren filosofiarekin erabat egiten du bat" eta "Eibar aukeratzean asmatu egin duela uste dut, lan egin eta eliteko futbolaria dela aldarrikatzeko".
Bere ustez, Klubaren azken urteetako kirol ibilbideak eta kudeaketak "Eibar arrakasta lortu ahal izateko toki apropos bilakatu dute"
Eibarren Kirol Zuzendaria den Fran Garagarzaren esanetan, bai jokalariak eta baita bere agenteak ere "Eibarren aldeko apostua egin dute", "iritsi ezin garen diru gehiagoko eskaintzak alde batera utziz", hala ere, "esfortzu garrantzitsua egin behar izan dugu, gure gaitasuna kontutan izanik"
"Jokalariak garrantzi handia eman dio toki egokian egoteari. Oso pertsona humila da eta elkarrizketetan berehala ukitu gaitu", adierazi du.
Prentsaurreko berean, Fran Garagarzak Ander Gayosoren lesioari buruz hitz egin du. Izan zitekeen diagnostikorik txarrena jaso du, belauneko ligamentuen haustura. Beraz, ezin izango du beste talde batera utzita joan, errekuperazio aldi luzea baitu aurretik, pasa den igandean Osasuna-Eibar lagunartekoan min hartu ostean.