Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Bi puntuk ihes egin dute azken minutuan atsedenaldian irabazita zegoen partidan

Armaginek 0-3 irabazten zuten 64. minutuan baina ez ziren errentari eusteko gai izan

Eibarrek azken minutuan bi puntuk nola ihes egiten zuten ikusi du, atsedenaldian 0-3 irabazten zuen partida batean.

Neurketaren hasieran, armaginak Espanyolen mende egon ziren. Etxekoak kementsu zelairatu ziren, presioa eginez eta Asier Riesgoren area ingurura arriskua eramanez.

Pixkanaka-pixkanaka, Mendilibarren taldeak partidaren kontrola hartuz joan zen eta itzelezko eraginkortasuna erakutsiz, hiru goleko errentarekin joan zen aldageletara.

Sergi Enrichek egin zuen lehenengo gola, 22. minutuan. Jokaldia Dani Garcíaren oinetan jaio zen, diagonala bota zion Pedro Leóni eta honek, erdiraketa egin zuen. Kike Garcíak baloia ukitu ondoren, Sergi Enrichi iritsi zitzaion eta balearrak, bakar-bakarrik, ez zuen barkatu.

Handik eta bost minutura, Inuik ezkerretik egindako erdiraketa ona sarean bukatu zen, Diego Reyesek baloia urruntzeko asmoz, bere atean sartu eta gero.

Eibarrek 44. minutuan lehen zati liluragarria borobildu zuen 0-3koa eginez. Pase eder baten ostean, baloia Enrichi iritsi zitzaion eta honek Kike Garcíari eman zion, ate hutsik, bere denboraldiko lehen gola sar zezan.

Armaginek norgehiagoka bideratuta zuten eta partida ondo maneiatu zuten bigarren zatiaren hasieran. Espanyolek ez zuen arriskurik sortzen. Baina 64. minutuan, Hernán Pérezek kataluniarren lehen gola egin zuen eta dena aldatu zen. 

Eibarrek ez zuen Espanyoli eusteko modua aurkitzen eta etxekoek, nagusitasun argirik erakutsi gabe, tartea murriztea lortu zuten 73. minutuan, Piattiren bitartez. Eta baita neurketa berdindu ere, luzapen denboran, partidua bukatzear zela, Leo Baptistaoren zartako bati esker.

Eibarreko jokalariak galdu balute bezala geratu ziren. Irabazteko meritu nahikoak egin zituzten lehenengo zatian, baina bi puntu ihes egiten utzi zituzten azkeneko momentuan.