Skip to main content
Lehen Taldea

Beñat San José, Eibar KE taldeko entrenatzaile berria

2026. urtera arte sinatu du, eta Iban Fagoaga eta Gastón Lloverás izango ditu alboan, bigarren entrenatzaile eta prestatzaile fisiko modura

There are no reactions yet. Be the first!

Eibar KE akordio batera iritsi da Beñat San Josérekin Donostiako entrenatzaileak gizonezkoen lehen taldearen gidaritza har dezan. Saudi Arabiako ligan debuta egiten entrenatzaile gazteena izan zen, Real Sociedad taldearen harrobian aritu ondoren. Eskarmentu handia du nazioarteko futbolean eta 2026ko ekainaren 30era arte sinatu du talde armaginarekin. Iban Fagoaga eta Gastón Lloverás izango ditu alboan, bigarren entrenatzaile eta prestatzaile fisiko modura.

Beñat San José Gilek (Donostia, 1979ko irailak 24) Real Sociedad taldeko harrobian hasi zuen bere ibilbidea entrenatzaile modura. Talde txuri-urdinean lau denboraldi osatu ondoren, Arabiara egin zuen jauzi, Saudiko futboleko talde ohoratuenean, Al-Ittihad taldean, 21 urtetik azpikoen taldea zuzentzeko. Berehala egin zuen aurrera eta, sei hilabete eskasean, lehen taldearen gidaritza hartu, eta 2013an Champions Cup txapelketa irabazi zuen Riaden.

Ekialde Hurbileko abentura Al-Ettifaq taldearekin jarraitu zuen, 14-15 denboraldian. Dagoeneko 15-16 denboraldian kontintentez aldatu zuen Txileko Deportes Antofagasta taldea zuzentzeko, eta taldea jaitsieratik salbu utzi eta klubak historia osoan lortu duen sailkapen onena erdietsi zuen. Txilen egindako lan apartak Boliviako aterak ireki zizkion, eta hara bidaiatu zuen 16-17 denboraldian. Lehen partaidetzan txapeldunorde geratzea lortu zuen, eta 2017an, 2017ko Irekiera Txapelketako trofeoa eskuratu zuen 16 garaipen, 2 berdinketa eta 4 porrot zakuratuta. San Joséren Bolívar taldea ez zen hor geratu, eta bigarrenez txapeldun izatea lortu zuen 2017ko abenduan Itxierako Txapelketa irabazita.

2017an Txilera itzuli zen Universidad Católica zuzentzeko. Klub horrekin historiako denboraldi-hasiera onena egin zuen. Bere bigarren urtean, unibertsitateko taldeak titulua eskuratu zuen, eta gainera, gol gutxien jaso zuen taldea izatea lortu zuen. Nazioartean jorratutako ibilbideari esker, Ekialdera abiatu zen berriro. Bertan Arabiar Emirerri Batuetako Al-Nasr taldea zuzendu zuen, eta 2019an Europara itzuli zen KAS Eupen taldearen gidaritza hartuz. 20-21 denboraldian kluba Belgikako kopako finalerdietara iritsi zen eta, beste behin, klubaren sailkapen historiko onena lortu zuen.

2021ean kontintente zaharrera bidaiatu zuen, Mexikoko Mazatlán taldea zuzentzeko. 2022an Bolívarrera itzuli zen eta 96 norgehiagoka jokatu zituen. 2023an, Bolívar taldea, Beñat San José entrenatzaile zela, historian sartu zen kontinenteko txapelketa gorenean, Libertadoreen Kopako final laurdenetako fasera sailkatu baitzen lehen aldiz. Ondoren, Mexikora itzuli zen, orduko horretan Atlas taldea zuzentzeko, Guadalajara (Jalisco) hiriko ehun urtetik gorako kluba.

Beñat San Joséren aurkezpena, Eibar KE taldeko entrenatzaile gisa, asteartean izango da Ipurua Estadioko prentsa-aretoan, eta taldearen gidaritza hartuko du asteko lehen saioan, astearte honetan, Atxabalpen.