Skip to main content
EU
Kluba

Astelehenean hasiko dira Ipuruako Ekialdeko Tribunako obrak

Harmaila berria urtarrilerako amaituta eta erabiltzeko moduan egotea aurreikusten da.

Datorren astelehenean, maiatzak 9, hasiko dira Ipuruako Ekialdeko Tribuna berria eraikitzeko obrak. Aurreikuspenen arabera, harmaila berria amaituta eta erabiltzeko moduan egongo da 2017ko urtarrilerako.

Alex Aranzábal SD Eibarreko presidenteak eta Gorka Unamuno klubeko obra eta instalazioen arduradunak obrari eta tribuna berriari buruzko xehetasunak eman zituzten Ipuruako prentsa-aretoan. Tribuna berriak 1970-1971 denboraldirako eraiki zen tribuna zaharra ordeztuko du.

Eibarren peña zahar eta aktiboenaren kokaleku izanik «Eskozia la Bravaren tribuna» izenez ere ezaguna den tribuna 1.022 ikuslerentzako lekua izatetik 2.000 eserleku izatera pasako da. Estadioan guztira 7.100 ikusle sartuko dira.

Obra 2015. urtean Ipar Tribunan egin zenaren jarraipena da. Orduan 1.230 eserleku gehitu zitzaizkion estadioari. Gainera, enpresentzako gune bat, zerbitzugune berriak eta Kirol Prestakuntza eta Berrikuntzaren Ikastetxearen lehen bi gelak ere eraiki ziren.

Kluba lanean ari da tribuna horretako 937 abonatuak Ipuruako beste leku batzuetara mugitzeko. Prozesu horren xehetasunak datorren astean jakinaraziko dira.

Alex Aranzabalek esan zuenez «lortu nahi dugun helburua Ipurua bisita-leku bilakatzea da, museo batekin eta interpretazio-zentro batekin».

Era berean, nabarmendu zuen obretan lur azpiko aparkaleku bat eraikiko dela. Hirurogei ibilgailurentzako lekua izango du, eta hari esker auzoko kaleak libreago egongo dira partidua edo entrenamendua dagoen egunetan.

Proiektuak Interpretazio Zentroa eta klubaren museoa jartzea ekarriko du, bai eta denda ofiziala, eta zerbitzu eremu berriak ipintzea ere. Gainera, kalea oinezkoentzat jartzeko aukera izango da, ligako partida egunetan. Horrela, eremu publiko handia eratuko da, partiden aurretik eta horien ondoren gozatzeko.

Aurreikusitako inbertsioa 3,2 milioi eurokoa da, zergen aurretik. Zentzu horretan, Aranzábalek esan zuen proiektuak finantzaketa publikoa jasotzea espero duela.

«Lehen Mailan ari diren Euskadiko beste klubek beren zelaietan obrak egin dituztenean erakundeetatik jaso duten laguntza bera jasotzea bidezkoa litzateke. Horri buruzko elkarrizketak izan dira duela bi urte baino gehiagotik. Ez digute ezezkorik eman, eta borondate ona erakutsi dute erakundeek eta alderdiek. Ezin digute ezetz esaten jarraitu. Defendaezina da Athletic eta Realari estadioko obrak egiten laguntzea eta Eibarri ezetz esatea, Lehen Mailan pasatzen duen hirugarren denboraldian», esan zuen.

Eibarreko presidenteak adierazi zuen bi bilera egin direla auzotarrekin eta bat peñekin, eta kontaktuak izan direla Eibarko alderdi politikoekin proiektua ezagutzera emateko eta haien ekarpenak entzuteko.

Bilera horien ondorioz, hainbat neurri zuzentzaile hartu dira, esate baterako: lur azpiko aparkalekua eraikitzea (hasierako proiektuan aurreikusten ez zena), hegalaren altuera murriztea, bi eserleku-lerro gutxiago jarriz, eta bomitorioetako bat kentzea, atearen atzean eskailera bat ez egoteko.

Eibarko hainbat eragilerekin egin diren bateratze-lan horiei esker Eibarko udalbatzak aho batez onartu du Ekialdeko Tribunako obren Plan Partzialaren aldaketa eta ez dago auzotarren kexarik.

 

OBREN FASEAK

I. fasea: Aparkalekuarentzako sotoa eraikitzea zelaiaren azpian. Amaiera: Abuztuko bigarren astea

II. fasea: Harmailaren erdia prestatzea. Urriaren amaiera.

III. fasea: Harmaila osoa prestatzea. 2017ko urtarrila

IV. fasea: Itxiturak eta akaberak. 2017ko martxoa

V. fasea: Lokalentzako etxabeak (museoa, denda, etab.) Denboraldi amaiera.