Asier Riesgok 2018ko ekainera arte luzatu du SD Eibarrekin duen kontratua
Asier Riesgo atezainak urte honetako ekainera artekoa zuen kontratua, eta bi denboraldi gehiagorako luzatu du
Riesgo Osasuna taldetik iritsi zen talde armaginera. Aurtengo Ligan jokatutako neurketa guztietan izan da titular, Granadaren aurka jokatutakoan izan ezik, aurreko denboralditik bete gabe zuen zigorra bete behar izan zuelako.
Asier Riesgo Deban jaio zen (Gipuzkoa), duela 32 urte, eta 136 partida jokatu ditu Lehen Mailan, eta 71 Bigarren Mailan. Debuta Realarekin egin zuen, 2004-2005 denboraldian. Bost denboraldi eman ditu Lehen Mailan, beste bost Osasunan, eta beste bat, lagata, Huelvako Recreativon.
Atxabalpeko entrenamenduaren ostean, Asier Riesgok adierazi du «oso pozik» dagoela kontratua berritzeagatik: «Klub honek konfiantza eman dit, berriz ere Lehen Mailan jokatzeko aukera eman dit, eta oso pozik nago bertan».
«Horixe zen hasieratik nahi nuena. Urtebeterako etorri nintzen, eta klubak beste bi urterako berritu nahi izan dit kontratua. Oso pozik nago», esan du armaginen atezainak.
Era berean, Riesgok nabarmendu du Eibar taldea besteak ez bezalakoa dela, «oso talde xume eta herrikoia delako. Desberdina da Ipuruan jokatzea. Guretzat, berezia da zelai honetan eta klub honetan jokatzea».
«Klubak badaki hori, eta ahalegina egiten du etortzen diren guztiek herriarekiko eta klubarekiko hurbiltasun hori senti dezaten. Aurtengoan, primeran doakigu guztia», gaineratu du.
Debako atezainak azpimarratu duenez, kirolaren arloan «oso ondo doazkigu gauzak, baina badakigu Lehen Mailan oso zaila dela partidak irabaztea. Oraingo egoerak lasaitasuna ematen digu partidaz partida joateko eta Lehen Mailan jarraitu ahal izateko puntuak lortzeko».
«Urte asko daramatzat futbolean, eta badakit zenbat buelta ematen dituen honek, bai onerako eta bai txarrerako. Osasunan urte gogorra igaro genuen, eta aurten, berriz, dena ondo doa. Ez dugu ahaztu behar gauzak edozein momentutan alda daitezkeela».