Skip to main content
Lehen Taldea

Arbilla: "Castellóra aurreko egunean bezala lehiatu eta irabazteko grinarekin joango gara"

El Molinónen pasa den jardunaldian egindako ahaleginaren eta emandako erakustaldiaren ondoren, Eibar KE taldeko erdiko atzelaria eta kapitaina denboraldiari kolpea emateko asmotan da SkyFi Castalia estadioan irabazita.

There are no reactions yet. Be the first!

Eibar KE taldeko kapitainak, Anaitz Arbillak, taldearen gaurkotasunaren gaineko errepasoa egin du Ipuruako prentsa-aretoan elkartutako hedabideen aurrean. Eskarmentu handiko erdiko atzelariak muzin egin dio hurrengo partidan jartzeko begirada lausotzeari epe luzera begirako helbururik bilatu gabe. Real Sporting taldearen aurka erakutsitako maila hartu du erreferentzia gisa, eta bestelako ideiak dituen CD Castelló arerioaren arriskuez ohartarazi du. Ziurtatu duenez, taldeak "badu zer hobetu" bi areatan, eta entrenatzailearenganako babesa berretsi du.

El Molinón zelaian erdietsitako berdinketa, inflexio-puntua: "Argi dago denboraldiaren gainean balorazioa egiten hasita, jarrera lehiakorra falta izan zaigula" Egun dirdiratsuak egon dira, baina beti aurreko egunean eman genuen maila ematea eskatu behar diogu gure buruari. Ez dakit inflexio-puntua izango den, baina lehiatzeko, gure buruari horixe eskatu behar diogu. Horretarako gai gara, eta defentsan kalitate-puntu hori eman behar dugu eta asteburu honetan dugun partida aurrera ateratzeko gosea. Oso arerio zaila da, baina aurreko egunean gaitasuna badugula ikusi genuen. Argi dago gol gabezia dugula, baina hortik aurrera urratsak eman behar ditugu, izan ere, bide luzea den arren, eta oraindik asko geratzen bada ere, mahai gainean kolpea emateko ordua da. Ez du balio begiratu eta asko geratzen dela pentsatzeak. Aurrera egiteko garaia da, eta lehengo egunean eman genuen lehen pausoa. Hortik aurrera, Castellón garaipena behar dugu, aurreko egunean bezala lehiatzeko eta irabazteko grinarekin".

Ezohiko arerioa: "Bizitasun handiko taldea da, denboraldian zehar aurkitu dugun estiloaz oso bestelakoa duena. Lehendabiziko jardunaldian ikusi genuen, eta ez gintuen ustekabean harrapatu, partida aurrean talde berezia eta normalean aurkitzen dugunaz apartekoa genuela barneratuta prestatu genuelako. Erasoan alternatiba asko ditu. Etxean arrisku handiak hartzen dituela ikusi genuen, aurkariaren zelaian jende asko metatzen du, eta areara jende askorekin iristen da. Asko ateratzen da bere zelaitik eta zalantzan jarrarazten zaitu, baina gureari begiratzen saiatu behar gara. Aurreko egunean bezalakoak izan eta horrela lehiatzeko pentsaera izan behar dugu, denboraldia amaitu bitartean horixe baita gakoa urratsak ematen hasi eta hobetzeko. Sufrimendu-uneak egongo dira, baina prest egon behar dugu. Kontrako zelaian oldarkorrak izan, baloia lapurtu eta erasora joan ahal izatea espero dugu".

Baterako helburua, urratsez urrats joatea: "Argi dago beti gaudela gose, baina ez dut nire burua nekatuko epe luzerako helburuei begira. Aurreko urteetan ez digu ezertarako balio izan igoera lortzetik hurbil geundela pentsatzeak. Egia esatera, une zaila pasa dugu, eta sailkapenean ez gaude egon nahiko genukeen lekuan, ez baitugu gure maila eman, baina gauza positiboak atera behar ditugu denboraldiaren amaierara begira hobetzeko. Horretarako, aurreko eguneko partidari begiratu eta aurrekoan eman genuen mailan lehiatu behar dugu. Puntua ez da aski, irabazi egin nahi baitugu, baina burutsu jokatu behar dugu, eta nola lehiatu genuen baloratu behar dugu. El Molinonen berdintzea, bat gutxiagorekin eta 45 minuturen faltan, taldeak sekulako ahalegina egin zuen, hori da argi izan behar duguna. Gauza positiboetan pentsatu, urratsak eman eta gora egin dezagun, baina momentuz, ez da helbururik jarri behar, ez baitu merezi.

Arnau Comas, defentsarako taldekide berria: "Pozik gaude taldean sartu diren jokalari berri guztiekin. Hemen datorren guztiak aurrera egiteko balio dezala da pentsatzen duguna. Kasu honetan oraindik gutxi ikusi dugun jokalari gazte bat dator, gurekin entrenatu duen lehen astea izan baita. Ikusiko dugu talde teknikoak zer erabaki hartzen duen, eta zer hamaikako hautatzen duen asteburu honetarako. Defentsari dagokionez, argi dago sailkapenean ez gaudela ongi kokatuta, baina kategoria osoan gol gutxien hartu duen laugarren taldea garela pentsatzen jarraitzen dut. Badugu zer hobetu arlo guztietan, baina defentsan arazoak ditugula esatea gehiegizkoa da. Taldeak hobetu egin dezake, baina zenbakiak hor daude, eta aurreko egunean eman genuen irudia geratu behar zaigu gogoan".

Konfiantza taldearekin eta talde teknikoarekin: "Joseba naturaltasunez ari zaio egoerari aurre egiten. Entrenatzailea gurekin dago, eta gu alboan gaitu zeharo. Azken urteotan Eibarren ezaugarria entrenatzaileengan konfiantza duela da. Hau familia bat da, eta elkar laguntzen saiatzen gara eta, batez ere, une txarretan. Une zailetan talde teknikoari lagunduko diogu beti, eta ondoren bestelako inguruabarrak ematen badira, hitz egingo dugu, baina une hauetan entrenatzailea lan egiten jarraitzeko gogo handiz dago, eta egunerokotasunean hori nabari da. Gure alboan gauzka, eta Castellón pentsatu nahi dugu. Indar guztiak astebururako gordeko ditugu, lehiatu eta irabazteko, hori baita interesatzen zaiguna".