2-0 | Eraginkortasunak erabaki du partida Castalian
Puntuak Orelluten gotorlekuan geratu dira Eibar KE taldearen aurka, galdu gabe jarraitzen duena, Van de Beltek eta Raúl Sánchezek sartutako golei esker.
Eibar KE taldeak hiru puntuak utzi zituen CD Castelló finaren aurka, eta ez du SkyFi Castalia estadiora egindako bisiten estatistika haustea lortu. Norgehiagoka bizkorregi okertu zen arean irmotasunik gabe aritzeagatik. Horren ondorioz, korner batean, etxekoak aurrea hartu zuten markagailuan. Armaginek lehia berdintzeko aukera ugari izan bazituzten ere, artilleria ez zen zorrotz aritu. Atsedenaldiaren ondotik, talde zuri-beltzak partida erabakita utzi zuen Raúl Sánchezen sakoneko jokaldi itzel batekin, puntuak etxean utzi eta markagailua iraultzeko ilusioa itzali zuena.
Gijónen berdinketa lortu zuen hamaikakoarekin alderatuz bi aldaketa eginda, Joseba Etxeberriak Magunagoitia, Cubero, Arambarri, Arbilla, Hodei, Javi Martínez, Matheus, Mada, Alkain, Guruzeta eta Bautista ipini zituen hasieratik. Eibar hasieratik saiatu zen presioa egiten eta, lehen minutuetan, baloia kontrako zelaian berreskuratzen, arerioa deseroso sentiarazi eta pilota hankan dutenean dituzten bertute ugariak ezerezean uzteko. Horrela, Bautista partidako lehenengo jokaldietako batean eskuz esku geratu zen atezainarekin, baina Gonzalok bizkor erreakzionatu zuen, eta 9 zenbakiak bere taldea aurrera zezan saihestu zuen. Castelló taldeak, partidako lehen txartel horia behartu (Mada, 9. minutuan) eta Salva Ruiz lesionatuta galdu ondoren, ezker hegaletik aurkitu zuen arriskurako lehendabiziko bidea, Raúl Sánchezen joko zuzenari esker. Etxekoek beharrezkoa zen intentsitatea eman zioten partidari, eta Eibar sendo defendatu bazen ere, eta Magunagoitiak lehen aldiz iritsi zirenean ederki asmatu bazuen ere, korner bat aski izan zen partidako lehen gola iristeko. Area barruan ez zen arriskua garbi uxatu. Horri esker, Van Den Beltek sarera bota zuen baloia aurkakotasunik gabe, markagailuan bat eta hutsekoa (1-0) ipiniz.
Eibarrek ez zuen erantzun lehen ordu erdia igaro arte. Guruzetak gidatutako kontraeraso batean, Bautistak, eskuz eskuko batean, berdinketa izan zuen bere oinetan, baina beste behin, Gonzalok, Castelló taldeko heroiak, saihestu egin zuen. Aurrelari gorri-urdinak beste aukera bat izan zuen estrategiazko jokaldi batean, baina etxeko atezainak gola saihestu zuen berriro. Talde armaginak ez zuen etsi eta area zapaltzen jarraitu zuen, baina Bautistak baloia ukitu zuen lehen aldian arriskua uxatu zuten, eta Guruzetak penaltia eskatu bazuen ere, ez VAR-ak, ez epaileak, ez zuten zigorrik ikusi jokaldi horretan.
Minutuek aurrera egin ahala, Castelló taldeak intentsitatea jaitsi zuen eta Eibar gehiago sartu zen kontrako zelaian. Haatik, atsedenaldian markagailuak bat eta hutsekoa (1-0) erakusten zuen, izan ere, baloiaren jabetza etxekoek izan bazuten ere, bisitariek izan zituzten aukerarik onenak.
Sergio izan zen Etxebarriak atsedenaldian egin zuen aldaketa bakarra, zelai erdian kontrol gehiago lortu eta kontraerasoak defendatzerakoan irmotasun gehiago izateko asmoz. Bi txartel hori (Hodei eta Matheus) eta Cristián atzealdeko ezker hegalera sartzea izan ziren joko handirik gabeko lehen minutu horietan azpimarragarriena. Haatik, aldaketa hori egin eta minutu bakarrera, eta beste hegaletik, Raúl Sánchezek, bere abiadura baliatuz, bi eta hutsekoa (2-0) egin eta partida erabakita utzi zuen.
Gol gabeziaren aurrean, Etxeberria partidaren nondik norakoa iraultzen saiatu zen Puertas eta Nolaskoain zelairatuz, azken hori zelai erdialdea indartu nahirik. Armaginen arean gertatutako jokaldi polemiko baten ondoren, non Castellók penaltia eskatu baitzuen, Guruzeta bakar-bakarrik geratu zen berriro Gonzaloren aurrean. Baina Castellóko atezainak aukera ezerezean utzi zuen irteera paregabe batekin, eta bere arratsalde itzela berretsi zuen. Peru eta Puertas sartuta, Eibarren barnealdeko jokoak erritmo handiagoa hartu zuen, eta 65. minutuan markagailuan aldea murrizteko aukera izan zuen Alkainek eskuinetik egindako erdiraketa batekin, baina Puertasek erremate desbideratua egin zuen.
Minutuek aurrera egin ahala, armaginen ilusioa lausotzen hasi zen. Etxeberriaren taldeak akats txiki bat egiten zuen bakoitzean, Castelló taldearen mugikortasunak eta azkartasunak taldea gainditu egiten zuen, Magunagoitiaren areara arriskuz hurbilduz. Norgehiagokaren amaiera aldera bi taldeak zlnalde arriskutsuetara iritsi baziren ere, markagailua ez zen mugitu. Horrenbestez, garaipena Castellónen eskuetan geratu zen, Castalian menderaezin jarraituz.






























