SD Eibarrek puntuatzen jarraitzen du, oraingoan Ferrolen, Racing de Ferrolen aurka A Malatan golik gabe berdindu ondoren. Beñat San Joseren taldea hobea izan da berdegunean, batez ere lehen zatian, eta partidako aukera onenak izan ditu.
Aurreko jardunaldian Ipuruan Almeriari irabazi zion hamaikako berdinarekin zelairatu da gaur Beñat San Joseren taldea. Magunagoitia, Arbilla, Arnau Comas, Cubero, Cristian, Matheus, Peru, Pascual, Alkain, Corpas eta Jon Bautista izan da gaurko Eibarreko hamaikakoa. Partidako lehen minutuetan bi taldeak saiatu dira neurketaren kontrola eramaten, baina gipuzkoarrak izan dira jokoaren erritmoa eraman dutenak, galiziarren baloi-irteera saiakerak ekidinez. Partidako lehen aukera 4. minutuan iritsi da Jorge Pascualen bitartez.
Eibarren bertikaltasuna 9. eta 16. minutuetan argi ikusi da, Bautistaren banakako bi ekintzetan. Bere marka atzean utzi ondoren, zutoinera jaurti du baloia, eta ondoren, gertu izan du ere taldearen lehen gola. Bere aldetik, Jaureguik Racing de Ferrolen arriskuko lehen jaurtiketa egin du. 30. minutua pasata, Pascual jokalariak mina hartu du eta Puertasek ordezkatu du zelaian. Lehen zatiko azken minutuetan, armaginen gola baliogabetuta geratu da jokoz kanpo egoteagatik.
Bigarren zatiko lehen minutuetan etxeko taldea bi aldiz iritsi da areara baina gol aukera garbirik sortu gabe. Handik gutxira, Arbillak partidako gol aukera garbienetakoa izan du, baina bere erremateak ez du atea aurkitu gutxigatik. Minutu batzuk beranduago, Beñat San José teknikariak lehen aldaketak egin ditu hiru puntuak Eibarrera eramateko asmoz. Lehenik eta behin, Matheusek eta Cuberok zelaia utzi dute, eta bere ordez Carrillo eta Javi Martinez zelairatu dira. Partida bukatzeko minutu gutxi geratzen zirenean, Hodei eta Gurutzeta ere zelairatu dira. Javi Martinezek bigarren zatiko aukera onenetakoa izan du partida amaitzear zegoenean, baina Yoelek Eibarren gola ekidin du. Horrela, eta Eibar nagusi izan arren, puntu bana lortu du talde bakoitzak.
Hurrengo jardunaldian, SD Eibarrek SD Huesca hartuko du Ipuruan, ligako 32. jardunaldian. hilaren 23an 16:15etik aurrera.













































